IRAUPEN ARTEA , Xabier Sáenz de Gorbea

1. Zenbat eta informazio gehiago izan arazo handiagoak ditugu egunez egunekotik urrun-
tzeko eta errealitatearen kontzientzia hartzeko. Jazoera eta irudi uholdeak harrapaturik,
zaila gertatzen da azterketa kritikorako lasaitasuna eta denbora hartzea. Ustez zokorik
zokoenera irits daitekeen garai honetan, mundua, paradoxikoki, ezin sartuzko bihurtu
da. Ez dago osotasuna azaltzen duen pentsamendu eredurik.ltsumustuka gabiltzala, za-
tikako ikuspegiak baino ezin ditugu antzeman, gero eta korapilatsuagoa den globaltasun
baten pusketak baino ezin ikus ditzakegu ozta-ozta, eta hura deskodetzea komeni da.
Itxaropenik gabeko nihilismoaren beste koska bat estutuz, igaro da gertatzen dena
azaltzen duten diskurtsoen garaia eta ezer aldatzerik ez dagoelako ideia zabaldu da.
Hala ere, zenbaitentzat, beste mundu bat posible da. Ziur aski, bakoitzaren kontzientzia
hartzeak, banakoen jarrera aldaketak, gertaeren aurreko ekintza puntualek eta erantzu-
kizun partekatuaren lan globalak eragingo dituzte aldaketak.

Hogeigarren mendean, abangoardien arteak plastika irauli nahi izan zuen bizi-
baldintzak arindu eta aldatzeko. Gizarte aldaketa sustatzearren begiratzeko ohitura
berriak zabaldu behar zirela uste zuten. Baina gaur egun badakigu ez dela horrela, ez
dela nahikoa artera berrikuntza apurtzaile hutsa eramatea, baizik eta gertatzen dena
eta inguratzen gaituena sakon aztertzea komeni dela. Hori bai, jakitun izan behar dugu
egoerak betiko ez badira ere, arteak ez dituela berez ernarazten aldaketak; dena den,
artegintzak erantzun guztiak ez baditu ere, gutxienez galderak plazaratu ahal ditu,
bakoitzak nahierara interpretatu eta balioets ditzan. Txaro Arrazolak uste du oraindik
ere beharrezkoa dela errepresentazioaren taupada egokitzea enigmak aurkezteko, komu-
nikabideetan etengabe ageri direlako erraz ezagutzeko moduko irudien bitartez aurkeztu
ere. Artistaren lana lengoaia eta adierazpide plastikoa da ezeren gainetik, baina aldi
berean ongizate gizartearen erosotasunetik kanpoan eta ertzetan dauden bizimoduen
baldintzak aztertu eta agerrarazi nahi ditu. Gertatzen denaren lekukotasuna emateko
lanbide zaharrak oraindik badu zentzurik.

Ez dago aztia edo sendatzailea izaten jarraitzerik eta artista ere ez da beharrezko
aldaketaren eragile nagusia, baina bai izan daiteke egoeren ispilu, eta iritzia eman
ezezagun eta bere baitara bilduta iruditzen zaigun mundu horren zatiez. Esploratzaile
pribilegiatu hura izan behar da berriro, plastikaren ikuspegia galdu gabe lehen planora
ekartzeko hondoan geratu ohi dena, zoriontsuen ertzetan eta asebeteen antipodetan
dagoena.


2. Txaro Arrazolaren erakusketak errealitate mindu baten transmisio kontzientearen
eta ametsezko sentsazioen unibertso baten arteko elkarrizketa proposatzen du, kode
eta bitarteko ezberdinak baliatzen dituzten espazio kateatuen multzo baten bidez, gure
denboraren zati batek eragindako ideia, emozio eta islen askotariko emaitza gisa.
Gasteizko sortzaileak kontu handiz prestatu du aretoen ibilbidea, ikuslea testuinguru
batzuetatik besteetara daraman planteamendu batez. Kontinenteen mapek ohituta
gauden -eskolan ikasten baitira- kode batzuen arabera adierazten dute errealitatea.
Goi-goitik ikusteko modu horrek kasu honetan unitate geografiko zatikatu bat
ikuskatzeko ere balio du, azalera osatzeko erabili diren oihal josien bitartez. Hormak
lokatzez zikinduta ageri direnez, gainera, begirada bikoitza proposatzen da: bata,
kanpotik eta urrutitik; bestea, gertutik. Sentimendu, ezagutza eta interpretazioetan
zehar daraman bidaia da.

Oihalek giza dramei aurpegi eman eta batetik ezin arnastu edo bizi dena baina bestetik
gizakiaren gainditze-borondatea adierazten dute, suntsipenaren kaosa eta arkitektura
hauskorraren ordena aurrez aurre erakutsiz. Artistak zentzumen-emozioak sortzen
ditu, agoniaren lurraldea marrazkiaren bidez agerraraziz. Metatze prozesu bat da,
zeinean grafismoa irrika intimoenak jasotzen dituen sismografo bat balitz erabiltzen
baita. la automatikoki pentsamendu, interesgune eta emozio jarioarekin konektatzen
da, hura burmuinetik eskura daroa eta handik lanaren azalerara. Akabera industrialeko
hainbeste lan estetizistaren itxura akatsgabe, mekaniko eta artifizialaren alienazioaren
kontrako jarrera hartzen du, tratamendu informala, eskuzko bitarteko materialak balia-
tzen baititu; sortutako irudiak ez dira beti zehatzak baina asmoen benetako izaerarekin
bat egiten dute.

Lerro eta orbanen arteko bilbeak panoramak agerrarazten dituen pultsometro antzeko
bat osatzen du; badirudi efektu plastiko barreiatuen ugaritasunak, are eztandak, galarazi
egiten duela bat, baina perspektibari esker jatorrizko ordena aurkituko du irudikatuaren
nahasmenean.

Auto-Iausengutik urrun, artifiziosoa izan arren komunikabideetan hainbestetan ikus-
tearen poderioz naturala dirudien "ez-mundu" horren interprete gisa baino ez da aintzat
hartzen nia. Izan ere, artistak anekdotatik harago joan nahi du, dentsitatez beteriko lan
bat proiektatzeko; utikan zilborrari begiratzea edo bertan goxo egitea! Sentikortasunak
axola du desberdintasun eta injustizia egoerei ezkutuko presentzia ematerakoan, baina
plastikaren lengoaiara nola igaroarazi ere garrantzitsua da. Gasteizko sortzaileak horien
arteko batuketa interesgarria eta konplexua izatea lortzen duo Baliabide erabiliegiak
bazter utzi eta misterioz beteriko eta intentsitatez hordituriko irudikatze anbiguoaren
erresuman kokatzen da. Gure garaiaren sintoma bat.

Paisaia pinturaren generoari beste koska bat estutzen zaio. Hemen ikusitakoa jasotzen
duenaren izaera ilustratibo eta topografikoa gainditzen da, orografia eta klima balioestea
ere albo batera uzten dira, gizarte eraikuntza eta suntsiketaren ideia bikoitza azpimarra-
tzeko. Anselm Kieferrek bere gudu-zelaietan erreferente eta bitartekoen metaketaren
dentsitatea proposatzen du; Arrazolak, aldiz, 'kili-kolo, zatikaturik eta guztiz' berrosatu
gabe geratzen diren egoeren eztanda eta degradazioa erakusten du. Errepresentazio
sistema bera ere kutsatuta eta krisi antzean dabil, haren oreka hauskor eta iragankorra
baita, begien aurrean eraustera doala dirudien azpi-mundu hori -askotan suntsitua, ohol
eta harrien horizonte ilunak osatua- bezalakoa. Kaosaren eta nahasmenaren ertzeko
bizitzaz osatutako errealitatea.

Beltzaren, gorriaren eta urdinaren nagusitasunak eta koadro askoren tonu lausotze
arinek aldi berean iragankorra eta aspaldikoa denak (gaur-gaurkoa eta bizi-bizia den
zerbait bada ere desagertzear dela dirudienak) dramatizatutako errepresentazioak ba-
lioesteko aukera ematen dute: ehunka pertsona bizi diren hirien ikuspegi horiek bezala,
zeinek antzinako bonbardaketek deuseztatutako lekuak gogorarazten baitituzte.
Begi bistakoa da arte konplexu eta interesgarriena ez dela bakarrik asmo onez egiten,
joera pertsonal bat ere behar da, eta abiarazitako esperientziaren konplexutasuna argitu
eta agerrarazten duen bilgarri formala. Ez erabateko haustura gordinari; bai errealitateko
aurrekarien oroitzapenaren eta bihurketaren artean kokatzen diren eszena batzuetara
estetikoki itzultzeari, gure garaian gertatzen denaren kontzientzia soziala eta sentibera-
tasuna sorrarazten baitituzte.


pruebacolumna