AZKEN OBRA 2006-2009 katalogotik, Maite Garbayo
Emakumea ezin da izan: izaterik ez daukan zerbait da.
Julia Kristeva

Ibilbide artistiko guztiak dagokien testuinguruan kokatzen dira nahitaez. Horregatik hain zuzen ere, batzuetan, Txaro Arrazolak esaten du, ironiko samar, laurogeiko hamarkadan euskal artean “kontatzea” debekatuta zegoela . Leioako Arte Ederren fakultatean, Quosque Tandem-ean eta formalismoan hezita, haren obra berehala hasi zen ezarririko kanonak saihesten, onartua denaren eta ez daitekeenaren arteko lerro fina zeharkatuz… Eta kontatzen hasi zen.

Harrez geroztik, bere lanari badario artistak aurkari bezala jantzi dituen bi poloren arteko tentsio moduko bat: ni-a, barruan geratzen den zerbait, nork bere buruaren gaineko hausnarketa; eta mundua, itxuraz norbanakoa nahastu eta bere burua kanpoan gertatzen denari ematera bultzatzen duen proiekzioa.

Bere obrak beti harritu nau, baliabide- eta euskarri-sorta zabalarengatik, eta serie baten eta ondokoaren artean ikus daitezkeen hausturengatik. Zerbait ulertezina koherentzia kronologikotik begiratuta, baina. zentzua hartzen du baldin eta begiratzen badiogu pintura, oihala, objektua eta instalazioa zehaztasun handiz josiz doan lotura-sare baten moduan.
Bere azken lanak berriz ere tentsioaren eremuan kokatzen dira, formari dagokionez behintzat.
Lehenik, patchworks izenekoak aztertuko ditut. Pintore honen ibilbidean beti presente egon diren teknikak, oihal-gaineko lana eta jostura, berreskuratzen dituzte.

Bistakoa da bertan badagoela arbasoen lanaren aldarria, aitorpenik gabeko lana, emakumezkoen eremukoa, hau da, eremu pribatukoa. Teknika horiek ez dute inoiz Arte etiketaren bermea izan eta horregatik, pinturarekin esaterako, norgehiagoka nabarmenean ari dira. Baina badut susmoa Txaro Arrazola nagusiki pintorea dela. Hau dela eta, hasten dira gauzak euren lekutik irteten eta bere erabakiak ez dira hasieran ziruditen bezain argiak. Arrazolak betidanik menperatu du pintatzeko teknika baina josten ez du ikasi bere lanetan txertatuko zuela erabaki arte. Zer kontatzeko baina?

Havivi Diali lana (2009), txatal, jantzi-oihal, eskuoihal-zati, sukaldeko trapu, maindire eta abarrek osatzen dute. Osagai guztiak garai batean artistaren eguneroko bizitzaren parte izan ziren. Zati bakoitzak istorio bat eta une jakin bat du, baita usain bat edo zapore bat ere. Asko izan daitezke oroipenak. Quilt-ak josten zituzten emakumeak bezala, euren historia izendatzeko eta berridazteko eskumena zuten moduan, Arrazola bere baitan murgiltzen da eta munduari bizkarra ematen dio. Tramak josten jarraitu eta azkenean ezkutatzea erabakitzen du. Bereak direlako eta ni-aren eremukoak direlako.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan kritika feministaren eztabaida nagusietako bat izan zen Arte egiteko espezifikoki emakumeena den modu bat dagoen ala ez. Lucy Lippardek ezaugarri formal batzuk emanez definitu ere definitu zuena. 1

Ideia horren haritik, gogoratzen dut noizbait Arrazolaren lana “emakumezko” -tzat jo zutela. Oraindik ere arteari sexua jarri ahal balitzaio bezala edo, are okerrago, esentzializatzeko modukoa bailitzan. Artistaren sexuak haren sormenean formalki eragina izatea patua balitz bezala. Zentzu peioratiboa baieztapen horren barruan, “emakumezko” hitza eta “arte” hitza kontrajartzean datza. Artea soilik artea bada, emakumezkoen artea jada ez da artea, ez-artea baizik. Badirudi, behintzat arte tradizio hegemonikoan, hau da, gizonezkoek ezarri dutenean, horrela kontzeptualizatu dela mendeetan zehar.

Horregatik batzuetan sumatu egiten dut Txaro Arrazolaren obran erreakziorako joera. Artistaren berezkotasuna lengoaia estetiko bati lotzeko duen gaitasuna da, eta horretarako, bide bat baliatzen du. Arrazolak erreakzionatzen duenean pintura erabiltzen du. Obra horiek dira, haren esanetan, ni-tik at dagoen eta agian horregatik, gurea ez den lekua etengabe bilatuz, mundura irteten diren obrak. Kanpoan eremu bat lortu nahia formatu handiko pintura lanetan gauzatzen da; ilunak, mortuak, non gizakia nahita isiltzen baita. Ni ez baldin banago, baliteke bestea kokatzeko arrazoirik ez izatea. Hemen garrantzitsua dirudien gauza bakarra lengoaiaren jakintza da: pintura, ematen duelako izendatzeko ahalmena, irudikapenaren giltza. Hala ere, artistak berak uste duena baino askoz ere garrantzi handiagoa dauka irudi horietan, berak aukeratzen baititu. Horien bitartez, eragile bilakatzen delako lengoaian, eta ondorioz, munduan. Eta hori, irudiak berak, propioak ez izan arren, baizik eta bestelako testuinguruetatik lapurtutako ondasunak, batez ere mass media-tatik ateratakoak. Irudiok jada irudikapenaren eskuhartzea pairatu dute, baina Txaro Arrazolak berriz ere interpretatu ditu bere erara: pintatuta. Oihalak amorruz beteak dira, pintzelkada lodia, azkarra, segurua. Global Terrorism Events (Serie Target) (2004-2009) moduko lanei buruz ari naiz, izan ere tragikoaren kontaketaren bitartez munduaren ibilbidea erakusten dute. Gugandik urrun gertatzen den eremu publiko batean, eta ondorioz, errealitatetik distantzia hartzen duen irudikapena izaten amaitzen du. “Gizakiaren ergelkeriari egindako monumentuak” izendatu ohi ditu artistak, eta paisaia horien bitartez eguneroko dramez eta desberdintasun iraingarriez betetako mundu honetan gure presentziaz jabetzen saiatzen da. Badago zeozer irudiotan zuzenean ikuslearen erantzukizuna eskatzen duena. Haren hautaketa kontzientea dela esaten digun zeozer: ez da mundua izate arrotz gisa, artista bera da munduan bere burua proiektatuz, berezkoa duen lengoaiaen bidez, hau da, irudikapenaren lengoaiaz.

Horregatik, Txaro Arrazolak sortzen jarraitzen du, horregatik, berdin dio ehotzen, pintatzen edo soldatzen duen. Horregatik, haren azken lanetako batzuetan (Barrio Sadam Seriea, 2008 irudiek markotik ihes egiten dute eta arropa garbitu berriaren moduan eskegitzen dira haizeak kulunka ditzan. Ehun-gaineko argazkiak, berriz ere arrotza irudikatzen dutela ematen du, baina benetan ni-aren eta munduaren artean, hots, pribatuaren eta publikoaren artean ezbaian daude. Emakumezkoak? Ez dut uste. Lacan-ek aski ongi esan zuen moduan “Emakumea ez da existitzen”2. Emakumeak daude.

Euskera itzulpena: Gorka Arbulu

1 “Dentsitate eta ehundura uniformea, askotan sentsualki ukigarria eta, aldi berean, errepikakorra obsesiora iritsi arte; forma borobila eta foku nagusiaren gailentasuna... gai autobiografikoak; animaliak, loreak,... arrosa eta pastel koloreetarako joera berria, bai eta kolore iragankorretarako joera ere, tabu izan ohi ziren koloreak, ez bazen emakume batek “emakumezko” artea egiteagatik salatua izan nahi zuela”. Lippard, Lucy (1973), “Prefaces to Catalogues of Three Women’s Exhibitions”, The Pink Glass Swan. Selected Feminist Essays on Art, The New Press, New York, 1995, 57-58 or.

2 Jacqueline Rose andreak azaltzen duenez, baieztapen horrek ez du emakumeak existitzen ez direnik esan nahi, “baizik eta emakumearen estatusa, A absolutu gisa (non A-k Emetasuna adierazi nahi baitu) eta fantasiaren berme gisa faltsua dela”, Feminine Sexuality. Jacques Lacan and the École Freudienne, (Arg.) Juliet Mitchell and Jacqueline Rose, London, Macmillan, 1982, orria 48.

pruebacolumna